PSOE 1975-1978 eta sujeto politikoaren aitorpena Estatuaren egituraketa konstituzionalean.

      Mikel Aldasoro Jauregi


      4-Erregimenaren inboluzio arriskurik PSOEren barne inboluzioaren gauzapenera, egun bateko tartean

      Aurrerago ere mintzagai izan dugu PSOEko zenbait buruengan erregimenaren balizko inboluzioak sortarazten zuen kezka, eskakizunak horitzea aholkatzen zien kezka hain zuzen. Arrazoi taktikoak eta posibilismoa azpimarratzen zuten nagusiki PSOEren aldarrikapen historikoei amore emateko, hots, egoera hartan ezin zela beste ezer egin eta gainera zilegi ziren eskakizunetan tematuz gero den dena galtzeko arriskua zegokeela. Tesi hau PSOEren zuzendaritzan nagusi izan arren, aurreko atalean ikusi dugun bezala alderdiaren XXVII. biltzarrak oso bestelako norabidearen alde egin zuen apostu.

      Testuinguru historiko hartan inoiz ez bezalako kemenez PSOEren biltzarrak hartutako konpromezuek erreka jo zuten militante sozialistak Meliá Castilla aretotik atera orduko. Alderdia bai lotu zitzaiela lehialtasunez oinarri ideologikoei, baina zuzendaritza ustelak jota zegoen, ederki jota ere. XXVII. biltzarren aurretik PSOEren zuzendaritzak garatu lerro politiko epela enmendatuz militante sozialistek onetsitako erabakiek ez zuten islada zuzenik izan alderdiaren ebatz erakundeak aukeratzerakoan. Oinarrizko lerro politikoa argitu bai, baina biltzar aurretik zegoen zuzendaritzaren oso antzekoa jarri zuten PSOEren buru (79). Ezbairik gabe, ustez kontraesankorra dirudien gertaera honen alde jokatu zuten komunikabideen bultzadaz eta nazioarteko buruzagien itzelan PSOEko zenbait kidek (Gonzalez, Múgica, Guerra, Benegas.....) gizendutako izen onak (ehin batean Estatuan bizi zen une historikoaren beraren ondorioz puztuta), alderdi kideen arteko gutxieneko konfiantzak, buruzagi batzuen saldukeriak zein ziria sartzeko gaitasunak, esanahi anitzeko hizpide epelak kontraesanak ezkutatzeko duen abantailak eta alderdi barruan ofizialtasunetik at lehiatzen diren hitzarmen taktikoak.

      "Gehiengoak erabakitzen du alderdiaren lerroa, oinarriaren osotasunak bere egiten du eta erantzunkizunez defendatu (...) Biltzarraren erabaki burujabeak alderdiaren osotasunari dagozkio, oso osorik baldintzatzen du alderdia, zeinak gizon bakar bat bailitzan erantzun behar duen" (80). Hitz horiekin azaldu zien Felipe Gonzalezek PSOEren antolaketaren ardatzak 1976ko udan prestakuntza ikastaroak burutzeko El Escorialen bildu ziren kide sozialistei. Eta berez hala zen, hala zioten estatutoek, hala uste zuten militanteek ere, baina PSOEren XXVII. biltzarra amaitu orduko Alderdi Sozialistaren buruzagiek autokolpea eman zuten biltzarrean lortzerik izan ez zuten nagusitasun ideologikoa inboluzio prozesu azkar baten bidez erdiesteko. Eta inboluzio prozesua transizioan erregimearen bilakaeraz ari garenean ulertzen den bi zentzutan, forma zein edukinetan. Inboluzio-kolpea PSOEren barne araudiaren lehen mailako erabakiak urratu zirelako eta ideologikoki, inboluzioa ere Alderdi Sozialistak uko egin ziolako biltzarrean erabakitako lerro politikoari erregimen frankistaren sektore atzerakoinen txantaipeko eskaerak asetzeko. Kontua da urtetan etengabea izan zen kolpe mehatxu zurrumurru guztietatik benetan gauzatu zena eta baita arrakastaz borobildu ere PSOEren baitako inboluzioa izan zela.

      4-a. Kolpea eta lurreratze masiboa, inbasioa.

      Esan bezala, XXVII. biltzarra amaitu orduko abian jarri zen inboluzio prozesua. Lehenengo eta behin PSOEren zuzendaritzarekin kritikoen izan ziren militanteen aurkako ehizaldia zabaldu zen eta aparatotik kanpo utzi zituzten aitzakitan oinarritutako zigorrak ezarriz (behin behineko militantziatik kanpo utzi, kargutik kendu etab). Ez ziren izan asko militante zigortuak, bai ordea esanguratsuak, Madrilko federazioko historikoen buru eta XXVII. biltzarrean nazionalitate zein marxismoaren ponentzia garaile ateratzea lortu zuen Justo de La Cueva kasu. Kolpe selektiboa baina aldi berean garrantzitsua.

      Dena den behin behineko neurri batzuek ezin zuten berriki ospatutako biltzarrean alderdiak erakutsitako izakera sakonki aldatu, are gutxiago agudo aldatu ekaineko hauteskundeak aurrean izanda, PSOEko buruek nahi zuten bezala. Hortaz, ordura arte kuoten ordainketan iruzurra eginez militante kopuru puztuak mahaigaineratzeko jokabidea albo batera utzita, Alderdi Sozialistaren inboluziorako epe labur-ertain zein luzean erabat estrategikoa suertatuko den kide berrien araudiz kontrako lurreratze-inbasio masiboa gauzatzen hasi ziren. Jada helburua ez zen bozketak nola edo hala irabaztea, XXVII. biltzarreko PSOEko kide tinko haiek kide berrien uholde baten barruan desegitea azukre koxkor bat bailiran. PSOE gorpuzten zuena aldatu, izen berean erraza baita izakera berria txertatzea izana dagoeneko berria denean.

      Alderdi Sozialistaren asmoak aurrera eramateko oztopo nagusia estatutoen 31. artikuloa zen, zeinak jasotzen zuen PSOEen kide berri bat onartzeko ezinbestekoa zela bi militanteren babesarekin aurkeztea herri batzarrean eta azken honen oniritzia jasotzea. Baina estatutoei jaramon egitea ez zen ez sozialisten buruzagien lehentasunen arteko gaia. Aitzitik, aldeko zituzten eragile guztiei ahalik eta atarramendu gehien xurgatu zieten militante berrien uholdeari bide emateko. 1977ko otsailaren 17an PSOE legeztatuta geratu zen erregistroan izena ematearekin batera, hauteskundeen ondotik atzematen ziren eserleku, soldata eta kargu berriek (alderdian, udaletan, erakunde publikotan, lurralde erakundetan, Kongresuan....) ehundaka militante erakarri zituen, diktadura ondorengo itxaropen aldiak berez beste batzuk gehiago gehitu zituen, PSOEko buruzagiek ezker-eskuin-goiti-behiti banatu zituzten militante txartelak eta orain bitxikeria iruditu arren, tropel berean sartu ziren izena zuritzeko PSOEra hurbildutako zenbait filofrankista (81). PSOEk guzti guztiak hartu zituen eta militanteen artean indar hazkundearen irudia zabaltzen zuen, gauza oso erraza bestalde nahiz eta bitxikeriak ere izan ziren artean, hala nola Madrilgo batzar batean militante historiko bat zur eta lur geratu zen lehenengo, sutan jarri gero azken urtetan atzetik izan zuen poliziarekin topo egin zuenean.

      PSOEko kide berrien uholdea zenbakitan neurtzerakoan iturri desberdinetan aurkitzen ditugun kopuruak oso antzekoak dira. Argitarapen gehienek diote 8.000 militante inguru zirela XXVII biltzarraren bezperetan. Biltzarreko paper ofizialek 10.000ra igotzen dute kopurua, baina ez da ahaztu behar Madrilgo PSOE-historikoen eragina murrizteko zenbakiak puztu zirela. Jose Felix Tezanos PSOEko buruzagiak (XXXI. biltzarrean aurrera Batzorde Eragileko kide hautatua) ematen dituen datuen arabera (82), 1977ko ekaineko hauteskundeen aurretik 51.552 afiliatu zituen PSOEk, Guntherrek dio 50.000tik gora zirela afiliatuak (83) eta Caciaglik aipatzen du 1977ko apirilean 60.000tik gora zirela. Edonola ere, XXVII biltzarrean PSOEk zuen kide bakoitzeko beste bost gehiago zituen sei hilabeteren buruan.

      Gora-beherak tarteko, kide berrien uholdea ez da etengo ekaineko hauteskundeen ondotik, ez transizio osoan. Caciagliren datutara itzuliz, 1977 urte amaieran 100.000 kide zituen PSOEk ("gehi kuota ez ordaindu arren txartela zuten beste pilo bat"), 1978an kopurua 70.000ra jeitsi bazen ere. Jose Felix Tezanosek 1980an PSOEko kideen artean jasotako inkestak nabardurak izan arren agerikoa da militante berrien uholdea: 1980ko militanteetatik (100.000 inguru) %13ak II. Errepublikan eman zuen izena alderdian, %5ak frankismoan, %7ak Francoren heriotza eta XXVII. biltzarraren artean, %25ak XXVII. biltzarra eta 1997ko ekaineko hauteskundeen artean eman zuen izena, azkenik, gainontzeko %49ak ekaineko hauteskundeen ondotik sartu zen alderdian.

      4-b. Uholdea aski ez zela, kolpe kateatu-jarraitua.

      Militante andana berriaren tamainan erreparatuta esan dezakegu XXVII. biltzarraren ondotik beste alderdi sozialista bat sortu zela, siglak eta zuzendaritza berdinak izanda ere, alderdiaren gorputza arras desberdina zelako. PSOEren buruzagiek 1976ko abenduko alderdi gorri hura kide berrien uholdean ito asmo zuten "bilakaera ideologikoari" ateak zabaltzeko eta militante berrien perfila bete betean egokitzen zaio helburu horri.

      Alderdian izena ematera bultzatu zituzten arrazoi desberdinei jarraiki, orohar, militantzia berriaren gehiengoa prestankuntza, konpromezu eta irizpide oso eskasekoa zen. Ez zuten alderdiaren historia ezagutzen, ez zuten militante kemenik eta beraz, PSOEren lan iharduerari gehitu zioten ekarpena oso urria izan zen. Buruzagiek nahi zutena. Caciaglik egindako azterketan azpimarratzen du "afilizazio inkontrolatua eman zela prestakuntza eta antolaketa arazoei erantzun gabe. Afiliatuen hazkundeak ez zuen alderdia bizkortu eta ez zuen nabarmendu gizartean zuen irudia" (84).

      Tezanosen ikerketaren ondorioak oso antzekoak dira, 1977ko hautekundeen ondotik afiliatuen erdiak baino gehiagok "ez du ezagutzen eman zaien galdetegian ezarritako zehaztapen historikoak zein antolaketaren ingurukoak". Afiliazio datuekin lotuz, honako militante sailkapena desberdintzen du: "historikoa, II. Errepublkan izena eman zuena (...) konprometitua, utopikoa eta sozialismoan sinesmen handia duena". "Frankismoko afiliatuak militantzia politikoagoa garatzen du (...) politikak esparru garrantzitsua du bere bizitzan". "Transizioa garaian afiliatu zena -1977ko hauteskundeen ondotik- (gehiengoa beraz) (...) politika ez da bizitzaren ardatza (...) gehienetan afiliatu hau ez da ekintzailea, ez du ez argibide ez prestakuntza politiko handirik". 1982tik aurrera beste tipologia bat azalduko da "Gobernuko alderdian afiliatua dagoena", baina horrek jada lanaren denbora mugak gainditzen ditu.

      Prestakuntza, kemen eta irizpide argirik gabeko gorpu militante honen izakera ezinbestekoa da geroxeago aztertuko dugun diskurtso politikoaren inboluzioa ulertzeko. PSOEren zuzendaritzak erabat aldatu zituen alderdiak XXVII. biltzarrean erabakitako oinarri politikoak; hilabete batzutan antzekoa esatetik aurkakoa esatera igaro zen eta militante zahar batzuen kritika zorrotzak izan ezik, gainontzekoak bestelako traumarik gabe irentsi zuten. Nola egongo zen ba traumarik kontzientziarik ez bazegoen, egunerokotasunaren "informazioa" ere eskasa bazuten!, ezin.

      Baina PSOEren barne araudia urratuz burututako lurreratze masibo bidezko gorpuz eraldaketa ez zen aski izan Alderdi Sozialistaren norabide politikoaren erabateko zuzenketa zigilatzeko. Beharrezkoak izan ziren beste bi kolpe, biak PSOEren estatutuen aurkakoak, biak nabarmen nabarmenak, biak zama ikaragarrizkoak.

      PSOEk XXVII. biltzarrean zehaztu zituen, ederki zehaztu ere, erregimenaren moldaketaren aurreko estrategia eta estatu egituraketa demokratikoaren ezinbesteko oinarriak. Hori zen alderdiaren erakunde burujabe gorenak hartutako erabakia, lerro politiko ofiziala, indarrean behar lukeen estrategia, estatutuen arabera gutxien gutxienez bi urteren buruan hurrengo biltzarra ospatu arte. Bien bitartean, PSOEren Batzorde Federalari zein Eragileari biltzarrean hartutako erabakiak garatu eta indarrean jartzea zegokion, inoiz ez ordea erabakiak aldatzea. Baina hori paperean zegoen idatzita, egunerokotasunean PSOEren zuzendaritzak bestelako bidea jarraitu zuen gero aztertuko dugun bezala.

      Edonola ere, egutegiak eta Alderdi Sozialistaren estatukoek agintzen zuten beranduenez XXVIII. biltzarra 1978ko azaroan elkartu behar zela, Konstituzioa bozkatzeko bezperetan hain zuzen. Parada ederra zatekeen epealdi konstituziogilearen inguruan alderdiak bere osotasunean zuen iritzia erabakitzeko, estatuaren egituraketaren oinarriak hitzartzerakoan PSOEk garatutako politikaren balantzea egiteko, tamainako erronkaren aurrean alderdiaren jarrera gorena ezagutarazteko, XXVII. biltzarreko erabakien inbentarioa egiteko edo alderdiaren bilakaera ideologikoa neurtzeko. Ez zen paradarik izan. 1978ko uztailaren 1 eta 2an bildu zen Batzorde Federalak erabaki zuen XXVIII. biltzarra 1979ko maiatza arte atzeratzea, kitto. Nahiz eta estatutoen 34. artikuloak argi eta garbi ezarri Barzorde Federalak ezin duela aldatu biltzar bateko erabakia, nahiz eta atzerapena estatutuen erabat aurkakoa izan.

      PSOEren zuzendaritzak bai, badakigu ze iritzi zuen Konstituzioari buruz, baina alderdiak..... XXVII. biltzarrean erabakitakoarekin alderatuta... une historiko-kritiko hartan alderdikideek ez zuten esku hartzeko aukerarik izan zuzendaritzak bereganatu baitzuen alderdiaren barne araudiak eman ez zion ordezkaritza. XXVII. biltzarreko irizpide politikoak edo militante otzanen oldea nagusituko ote zen ez dakigu, arrastoak baino ez dira gelditzen, lehenengoen kritika zorrotzak (85) eta bigarrenen irensteko gaitasuna. Eta PSOEko kide fin baten arrangura etsitu-mindua: Carlos Martín Ramirezek notario batengana jo zuen PSOEko diputatuek Kontsituzioaren alde emandako bozkak jasotzen zituen Boletin Ofizialaren alea esku batean, eta alderdiaren azken biltzarreko erabakiak zein estatutuak bestean. Notarioak baieztatu zionean bi gauzak aurkakoak eta bateraezinak zirela, PSOE-historikoaren heziketa idazkari ohiak salaketa bat aukeztu zuen epaitegian Konstituzioaren alde bozka eman zuten PSOEko diputatuen zein senadoreen kanporaketa eskatzeko alderdien erabaki ofizialen aurkako botua eman baitzuten. Notarioak arrazoia eman zion Ramirezi eta PSOEko zuzendariek kanporatu egin zuten, Carlos Martin noski.

      PSOEren azken inboluzio kolpeak eta gainerakoak borobiltzen dituenak ihes egiten du lan honen denbora mugetatik baina laburki bada ere aipatu aipatuko dugu testuinguruaren ezugarri oso garrantzitsuak biltzen dituelako. Aurrerago esan dugun bezala, Alderdi Sozialistaren Batzorde Federalak XXVIII. biltzarra 1979ko emiatza arte atzeratu zuen PSOEren barne araudian ezarritakoaren aurka eginez. Bada oraingoan ere, militante uholde, biltzarraren atzerapena, Konstituzioaren onarpena eta guzti ez dira aski izango zuzendaritzaren gustoko erabakiak aurrera ateratzeko. Alderdiko militante ezkertiarrenek marxismoaren aldarrikapena aurrera ateratzea lortu zuten eta orduan Gonzálezek dimisioa aurkeztu zuen. Baina nonbait bazterrak ez zeuden PSOEko kideei askatasunez erabakia har zezaten uzteko moduan eta biltzarreko zuzendaritza bildurik zegoela Tierno Galvánen bidez iritsi zen hordagoa: banku nagusiek ez zuten onartzen González ez zen beste idazkari nagusirik (kapitalak atera eta PSOEk zituen kredito zorrak likidatzearekin mehatxatu zuten), Ejerzitoaren Estatu Goreneko hiru agintari nagusienetatik bik (Cabeiras salbu) bat egiten zuten bankuen mehatxuarekin. Giro hartan borobildu zen inboluzioa: hautagai alternatiboa izateko asmoa zuen Gómez Llorentek atzera egin zuen eta gestora bat izendatu zen azaroan ospatuko zen biltzar berezia arte, orain bai denbora nahikoa alderdian geratzen zen XXVII. biltzarreko zuztar gorria erabat garbitzeko.

      XXVIII. biltzarraren bigarren saioan den denak ezkontzen zuen. Gonzálezen irudi mediatikoa erabateko pisu politiko jainkotua bihurtuta, marxismoaren ukoa autobedinkapenaren birtute izendatua eta aparatuko burokrata soldatapekoen gehiengoa militanteen artean (86).

      4-c. Inboluzio ideologikoa, 1977ko ekaineko etena.

      Aurreko bi puntuen testuinguan murgilduta kokatu behar da PSOEren diskurtso politikoaren inboluzio bilakaera. Militante berrien kopurua, hauen izaera, zuzendaritzaren araudiz kanpoko jokabideak, PSOEko buruek bere egin zuten botere absolutoa, barne eztabaiden neutralizazioa edo XXVII. biltzarreko hegal nagusiaren deuseztapena erabat estekatuta daude bai kronologikoki, bai eragile-ondorio zirkulo itxian orain aztertuko dugun arloarekin. Gertakari historiko hauen arteko harremana prisma batekin alderatzen badugu esan dezakegu elementu bakoitza prismaren alde bat dela eta alde guztiek osatzen dutela prisma bera. "Inboluzio ideologikoa" hitza aukeratu da berriz, PSOEk XXVII. biltzarrean definitutako oinarrizko lehentasun demokratikoen defentsan amore ematea islatzen duelako. Amore ematen du alderdiaren lerro politiko orokorrean, eta PSOEk zehaztu zituen estatuaren antolaketa demokratikoaren baldintzen aldarrikapenean amore ematearekin batera, Alderdi Sozialistaren zuzendaritzak inongo babes demokratikorik gabeko erregimen frankistaren oinordekotza estatuaren egituraketa konstituzional berrian gorpuzteari bidea zabaldu zion. Lehenago esan dugun bezala, testuinguru zabalago batean kokatzen da bilakaera politiko-ideologiko orokorra, eta era berean orokortasun honen zati bat baino ez da estatuaren lurralde antolaketaren inguruko irizpideen aldaketa, lan honi dagokion gaia.

      PSOEren bilakaeraren lehena-geroa alderatzeko 1977ko ekainaren hamabosteko hauteskundeak izango dira azterketaren inflexio puntua. Zaharra zein berriaren zantzuak azaltzen dira bai aurrerago, bai beranduago, eta neurri horretan dataren aurkeraketa arbitrarioa izan badaiteke ere, agerikoa da 1977ko ekaineko hauteskundeak eten bat izan zirela erregimen frankistaren bilakaera, transizioa eta konstituzioaren sorreraren artean. Hauteskunde konstituziogileak ziren ehinean (halaxe aitortzen zuen PSOEk berak ere), une historiko pribilegiatua da Alderdi Sozialistaren orduko proposamen politikoak XXVII. biltzarrean erabakitako oinarri demokratikoekin alderatzeko. Beste alde batetik, 1977ko ekaineko etenari darraion epe konstituziogilean jada Estatuaren egituraketa zehatza ehundu eta ideologikoki babestu beharrak erabat ezabatzen du balizko esanahi anitzeko mezua, ageri agerian utziz lurralde antolaketaren inguruan PSOEren zuzendaritzak erabakitako norabide berria.

      XXVII. biltzarra amaitu ondorengo aurreneko hilabetetan PSOEko buruzagiek zabaltzen duten mezu politikoan alderdiko militanteek erabakitakoarenganako lehialtasuna irudikatzen da. Irudikatu ezen ageriko norabide politikoan aldaketa sakonik atzematen ez den bitartean, alderdi barruko lehenengo kolpea abian jartzeaz gain, PSOEko zenbait buruk aurreratuta dituztelako epe konstituziogilea hitzartzeko Gobernuarekiko negoziazio zuzenak, gehienetan izkutukoak baina era guztitako ondorioak izan zituztenak (PSOEren lerro politikoaren aldaketa, Alderdi Sozialista telebistan agertzearen abantaila ikaragarria, hauteskunde hitzarmena...). Dena den kanpo irudikapena zen, eta PSOEren inguruko pertsona esanguratsuek fidagarritasun handia ematen diote irudikapenaren benetakotasunari, denborak aurrera egin hala susmoek indarra hartu arren.

      XXVII. biltzarra amaitu orduko "El Socialista" aldizkariak ale berezi bat argitaratu zuen erabaki garrantzitsuenen berri emanez eta PSOEko lehendakaria zen Ramon Rubial elkarrizketatzen dute (87). "Estatu espainiarra osatzen duten nazionalitateen arazoari buruz" galdetzen diotenean, militante historiko eta buruzagiak erantzuten du "nazionalitateen arazoaren behin betiko irtenbidea autodeterminazio eskubidearen erabateko onarpenean oinarritzen dela". Azalpena eransten dio jarraian: "honek esan nahi du nazionalitate bakoitzak askatasunez erabakiko duela Estatu espainiarra osatzen duten gainontzeko herriekin izango dituen harremanak". Elkarrizketa jasotzen duen orriaren maketatzaileak lauki berezi batean eta letra tipo beltza handiago batean azpimarratzen ditu elkarrizketatik ondorioztatu hiru ardatzak: "Nazionalitateen autodeterminazio eskubidearen onarpena", "PSOEk, sustrai sindikalik gabe ez du izate arrazoirik" eta, hirugarrena hurrenez hurren "sozialismoa gizakiaren askatasuna da".

      Otsaileko "El Socialista" aldizkariak kritika zorrotza luzatzen die Kanariar Irletako talde eskuindarrei. "Autonomiaren aurkako azpijokoak" salatzen du izenburuak. Testuko lehenengo ladilloa are zorrotzagoa: "kamaleoiak". Arazoaren futsa hauxe: "Gobernuak ezin ditu onartu ezkerreko alderdien autonomia proposamenak", ezkerreko alderdi hauek "herri kanariarrak, autodeterminazio eskubidea indarrean jarriz, gaiaren inguruan erabaki dezala" nahi dutelako.

      PSOEko buruzagiek ziotenez gauzak argi zeuden, "dena jasota dago PSOEren estatuetan", halaxe erantzun zion Gonzalezek gerra garaian Eusko Jaularitzako sailburua izan zen Santiago Aznar sozialistari (88) honek autodeterminazio eskubideari buruz galdetuta. Antzeko hitzekin zuzendu zitzaien PSOEren idazkari nagusia Euskaldiko Alderdi Sozialistaren sorrera biltzarrean.

      1977ko martxoaren 12, 13 eta 14an ospatu zen Donostian Euskadiko Alderdi Sozialistaren I. Biltzarra (89). Hitzez behintzat, dena zen tinkotasuna eta autodeterminazio eskubidearen aldeko konpromezua. Benegasek borroka berean lotu zituen "nazio borroka eta klase borroka", "askatasun nazionala" alderdiaren lehentasunetako bat zela azpimarratuz. Egitasmo sozialista Estatu osoan zabaltzearen arrazoia "taktikoa" baino ez zela, hots, "oligarkiak sozialismoa ito ez zedin", zehaztu zuen alderdiaren buruak. Baina, langileria eta nazioen askatasuna borroka beraren jomuga denari, betebehar moralaren izaera eransten dio Benegasek adierazten duenean "Alderdi Sozialistaren betebeharra dela bere gain hartzea Euskal Herriak bere etorkizuna zuzentzeko duen eskubidea". PSOEko beste buruzagi batzuek gaian sakondu gabe ere norabide bereko keinu semantikoak tarteatuko dituzte euren adierazpenetan. Adibidez, Enrique Múgicak baikortasunez dakusa etorkizuna "botereak ezin zuelako kontrolatu Espainiako herriek euren askatasunak eskuratzeko hartutako bidea" (sujetoa herriek, pluralean, esaldiaren gakoa eskubideak, herrien eskubideak). Nicolas Redondok ere zorte ona eta "arrakasta opa dio Euskal Herriari bere askatasun nazionalak berreskuratzearen aldeko borrokan" ("bere askatasun nazionalak" izango ditu nazio delako, edo izaera hori aitortzen diolako).

      Felipe Gonzálezek XXVII. biltzarraren bezperetan "El Socialista" (90) aldizkarian azpimarratutako "XXVII. biltzarraren konpromezu konstituziogile" hartan gailendu ziren erabakiekiko balizko lehialtasuna "haustura demokratikoaren" beste edukietara zabaltzen zuten PSOEko buruek 1977ko udaberrian. Apirilean (91) Batzorde Federalak XXVII. biltzarreko erabakiak berretsi zituen eta kezka sakona adierazten du erregimen frankistaren aparatoa ia bere osotasunean indarrean dagoelako (gogoan izan indar errepresiboen deuseztapena eta aparato autokratikoa desegitea haustura demokratikoaren beste edukinak zirela).

      1977ko apirilean FPS alderdien federazioa irentsi ondoren ("bateratzea" da esateko modu ofiziala, baina berez FPSk ez du ekarpen arrasto esanguratsurik utziko) PSOEk hauteskunde konstituziogileak muturren aurrean dituenean hasten dira agertzen era oso esanguratsuan norabide politikoaren aldaketaren zantzu argiak, haustura demokratikoaren edukinen ukoan amaituko den prozesu kontraesankor baina azkarra.

      Preso politikoen askatasuna zen hautsura demokratikoaren beste oinarrietako bat oposizioko beste taldeekin alkarlana bermatzeko, erregimen frankistaren etena ziurtatzeko, frankismoaren moldaketa-garapena baino ez ziren bideak errefusatu eta antolaketa demokratikoa gauzatzen hasteko. Tira, ba Gobernuak apirilerako agindu amnistia ez zuen gauzatu, maiatzaren 19tik 25era Euskal Herrian deitu zen amnistiaren astean polizia espaniarrak hiru manifestari hil zituen, tartean ETAren su etena zegoela (amnistia eskaerak baldintzatuta), Enrique Múgicak argitu zuen (92) PSOEren jarrera: "hauteskundeetara joango gara. Amnistia badago hobe, bestela presoak ateratzeko egingo dugu". Buruzagi sozialistaren hitzek ederki adierazten dute PSOEren norabide politiko berria eta diskurtso politikoaren aldaketa. Hemendik aurrera XXVII. biltzarrean erabakitakoaren arabera frankismoaren haustura bermatu eta Estatuaren antolaketa demokratikoan parte hartzeko zehaztu ziren "haustura demokratikoaren oinarriak" legeri publikoan indarrean ez egon arren, egoera politikoa oso bestelakoa izanda ere, PSOE erakundeen legitimazioa onartzeko prest azalduko da. Oinarri demokratikoak bermatzen ez zituelako frankismoaren edozein garapena-bilakaera errefusatzeko jarreratik, frankismoa eta antolaketa berriaren arteko etena eragiteko erakundeetan partehartze zuzena aldarrikatzera igaro zen. PSOEko buruzagientzat jada ez zen ezinbestekoa "oinarrizko baldintza demokratikoak" gauzatzea botereari zilegitasuna aitortzeko, eta horren ordez planteatzen zutena zera zen, egoera demokratikoa ez eman arren zilegitasuna adierazi gero benetako egoera demokratikoa gauzatzeko.

      Felipe Gonzálezen hitzak gogora ekarriz, "hausturaren unea" aldatu zen, haustura epe konstituziogilearen oinarri izatetik (oinarri demokratikoetatik abiatuta antolaketa eraiki) epe konstituziogilearen emaitza izatera pasatuz (beraz onartu onartzen da abiapuntua ez dela demokratikoa, ez daudela aukeara guztiak berdintasunean). Ikusten denez, aldaketa semantiko-kronologikoa baino haratago doa. Are haratago oraindik sozialisten ahoko epe konstituziogilearen azken emaitza (balizko denbora aldaketaren ondorengo kokapenean) "haustura demokratikoaren" edukinekin alderatzen badugu.

      Norabide aldaketak bete betean eragiten du XXVII. biltzarrean PSOEk Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan zehaztu zituen irizpidetan. Lehenengo, Estatuko herrien autodeterminazio eskubidean oinarritu behar zuen epe konstituziogilea ez delako emango eta, bi, PSOEk ez du egingo autodeterminazio eskubidea konstituzioan azaltzearen alde eta jaso, konstituzioak ez du jasoko, espreski ukatu baizik. Beraz, hausturaren unearen atzerapena ez da denbora atzerapen hutsa izango, zenbait oinarri demokratikoei uko egitea baizik. Aldaketa baino mutazioa den hau ez da bakarrik lurralde antolaketaren inguruko irizpidearen gertatuko, eta hor egongo dira adibidez indar errepresiboen deuseztapena, aparato frankistaren garbiketa edo erantzunkizunak argitzearen arazoa.

      Baina hau guztia ondorioa da. 1977ko ekaineko hauteskundeen aurreko diskurtso norabide aldaketa hartan PSOEko buruzagiek euren hiztegitik ezabatuko dute herrien autodeterminazio eskubidea. Ezabatu, ez ukatu. Ez dute sartuko autodeterminazioaren oinarri demokratikoaren aldarrikapena (XXVII.ak erabakitakoaren aurka) ez mintzalditan, ez prentsaurrekotan, ez hauteskunde egitarauan ez inon ere. Salbuespenak salbuespen (93), ez hauteskunde aurreko baldintza izateko (amnistia bezala), ez ondorengo lorpen asmo, ez konstituzio barruan sartzeko ez ezertarako ez dute aipatuko autodeterminazioa. Estatuaren lurralde antolaketaren gaiari dagokionez, PSOEren diskursoa "autonomiaren" kontzeptuan babestuko da eta agerikoa da autodeterminazioa beste gauza gehiago izateaz gain autonomia ere badela, baina ez alderantzi, hots, autonomia ez da autodeterminazioaren parekoa. Autonomia eta autonomiaren orbitatik ondorioztatuko dituen kontzeptu zurixka batzuen inguruan garatuko du PSOEk hauteskunde aurreko mezua, beti ere ustezko esanahi anitzera hurbiltzeko saiakera epelean baina autodeterminazio eskubidea edo antzeko zerbait ulertzeko bide eman zezakeen edozein kontzeptutik ihes eginez (esan bezala, hurbildu ezta ukatzeko ere, horrek kontraesanak sortuko zituzkeelako).

      Apirilaren erdialdean Europako Parlamentuko kide sozialistekin burututako ihardunalditan, PSOEren kanpo harremanetarako idazkaria zen Luis Yañezek "hausturaren denbora aldaketa" berresten du agerian utziz "oinarri demokratikoak" ez direla izango epe konstituziogilearen aurrebaldintza. Yañezez esanetan, "ezin izango dugu amaiera demokratikoari buruz hitz egin gorte berriek konstituzioa idatzi arte" (94). Beraz, hilabete eskas batzuen ondoren lekutan zen XXVII. biltzarreko "autodeterminazio eskubidearen onarpenean oinarritutako epe konstituziogile" hura. Horren aurrean eta hauteskunde bezperako testuinguru gori gorian, PSOEren Batzorde Eragileak 1977ko maiatzaren 22an kaleratu manifestuan "bokazio autonomikoa" eskaini zuen. Data bereko "El Socialista" aldizkariak oinarrizko kontzeptuen horitzearen paradigma jasotzen du "Catalunyaren autonomia politikoarako eskubidea" aldarrikatzen duenean, izan ere, eskubidea eskubidea, autodeterminazioa da, nazioarteko zuzenbideak jasota etab.... Baina hori garden aipatzea ez zen sozialisten gustoko eta nahiago autonomia eskubidean uztea, azken batean ustez bai ahuntzetarako bai akerretarako balio zezakeen abiapuntu horrek gerorako konstituzioan aurreikusitako "batasun zatiezinaren" zio zorrotzarekin bat egiten duelako.

      "Konpromezu autonomikoa" izeneko agiria sinatu zuen PSOEk EAJ eta Euskal Herriko beste alderdi batzuekin hauteskundeak baino hilabete bat lehenago eta, lepo beretik buru eginez, Alderdi Sozialistaren "konpromezu autonomikoa" goratzen du Múgicak ekainaren 5eko "El Socialista" aldizkarian. PSOEren hauteskunde manifestuko asmo agerpenean hiru idei nagusi aipatzen dita, "lehenengo demokrazia erdiestea", "hondar autokratikoak ezabatzea" eta, "Espainiako herrien eskubide kolektibo zein norbanakoen onarpena" (95). Bai gauzak esateko modu bihurria hirugarren hau, azkenean zaila baita jakitea zeintzu ote diren herrien eskubide indibidualak, zeintzu herrien eskubide kolektiboak, edo agian herri bakoitzaren eskubide indibidualak dira, edo Espainiako herrien kolektibo bakarrari dagokion eskubide kolektiboa, edo norbanakoen eskubide kolektiboak dira, edo herritar bakoitzaren eskubideak, edo dena batera, edo auskalo. Kontua da nahi izanez gero egongo zela modua gauzak gardenago esateko, non eta hauteskunde adierazpen batean gainera. Ez ziren hitzetan galdu adibidez, "lehentasuna egonkortasun ekonomikoa" zela eta ez besterik adierazterakoan (han nonbait utzita iraultzaren helburua, langileriaren bizi baldintzen hobekuntza, sektore estrategikoen nazionalizazioa....) Baina nahi nahi, gauzak zehatzegi esan nahi ez bazituzten bete betean asmatu zuten.

      Hauteskunde testuinguruan jendea nola edo hala konbentzitu behar horrek eraginda eta diskurtso autonomista orobaliagarria jorratzeko xede zailaren ondorioz, PSOEko lumek "El Socialista" aldizkarian uzten duten arrastoari jarraiki zenbait bitxikeri topatzen ditugu, "oinarrizko eskubide demokratikoak-autodeterminazio eskubidea-autonomia-batasun zatiezina" uztartze asmoaren pitzadurak baino ez diren bitxikeriak. M.Agilar Nabarrok (96), adibidez, jakinarazten du "Sozialismoa internazionalista dela (...), sozialistak internazionalistak baina ez kosmopolitak". Langileriaren batasunak hortxe izango du muga, bakoitzak bereari eutsi behar horretan. Zergaitik sotzen ote zituen ordea horrenbeste kezka bakoitzaren bereak Estatu espainiarrean?. Bakoitzak bereari aitortutakoaren gainetik batzuen berea guztiena bakoitza izate asmoan zegoen koxka eta horregatik inteligensiaren idazkiek esparru handiak bilatzen zituzten makro-ideiez aritzeko, bertako arazotik ihes egiteko.

      Edonola ere, PSOEren alde aurrerakoia azpimarratu beharraren pasioak sarritan eramaten ditu internazionalismoaren ikurra bereganatzera, kontzeptuaren erotika errazak-errazegiak kontraesan nabarmenetan murgiltzen dituela erreparatu gabe. Txikikeriak nonbait. Garrantzitsuena internazionalistak zirela errepikatzea, behin eta berriro, Saharako Polisarioaren alde azaltzerakoan, EEBB base militarrak errefusatzerakoan, klase borrokaren ikuspegian.... eta, noizbait huts egin behar, "Castilla y Leon" lurraldearen autonomia aldarrikatzerakoan (97) ere internazionalismoa arrazoi.. Aztapoa baino, argipena agian, zeren badirudi PSOEk Estatu espainiarrean ezarri asmo zuen "internazionalismo autonomikoa" gehiago hurbiltzen dela inperiopeko kolonien autonomiara, kolonien autodeterminazioaren aldeko borrokara baino.

      PSOEk hauteskundetarako zuen beste urrezko apaingarria moral humanista zen: gizakia eta askatasuna diskurtsoan sartu, errepikatu, ondorioztatu eta biribildu. Kontzeptuen zurrunbiloan aurrerakoitasun-keriz mozkortu lurralde antolaketari dagokionez deus argirik ez esateko. Berriro ere iluntasun hori aski adierazgarria ez bada behintzat, aurki bai. Aipatu dugun "El Socialista" aldizkariaren alde berezian jasotzen den Javier Solanaren elkarrizketak ezaugarri guztiak biltzen ditu. "Hiritarrak izaten hasi gara eta ez menpekoak" zioen, eta gero "oso garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea erabateko askatasuna, gizakiaren erabateko garapenerako aukera, askatasunean baino ezin dela eman". Oso pozik Solana EEBBetan "Espainiaren zati baten askatasuna" aldarrikatzen zuen "euskaldun-txapeldun" batekin topo egin zuelako eta, lurraldetasunari dagokionez, "herri guztiek dute euren eskubideak eta erakunde autonomoak izateko askatasuna". "Espaniako zatia" zein "autonomiarena" oso argi, hor ez dago Estatuko herriei egokituko zaien "gizakiaren garapen osorako ezinbestekoa den erabateko askatasunaren" parekorik. Bitxia "eskubideak izateko askatasuna" kixkur kixkutu hori, eskubideak direnean edo ez direnean, askatasuna eskubidearen gauzapenari dagokionean. Baina buelta ta buelta, non eta herrien eskubideak autonomian goia jotzeko. Nazioarteko zuzenbideak ez du autonomia arautzen, bai ordea herrien autodeterminazio eskubidea, baina nazioarteko zuzenbidea kosmopolitegia da sozialistentzat, are gehiago EEBBetan "Espainiaren zati baten askatasuna" aldarrikatzen ikusi duen Solanarentzat.

      4-c-1. Hausturaren haustura. Aro berri bat.

      Gorago aipatu dugu XXVII. biltzarraren ondorengo norabide politikoaren aldaketa, itxurazkoa hasieran, gero eta sakonagoa denboran aurrera egin ahala. Hau dena PSOEko buruzagiek biltzarreko oinarriei hitzez lehialtasuna aitortu arren edo Felipe Gonzalezek hauteskundetako aldizkariaren alde berezian hauxe bota: "ez diogu ezerezi uko egingo, beste alde batetik nekez sinets daitezkeen ukoak, eta inolaz ere aldatuko ez dena jarrerak dira, baldin eta militantzia oinarriak erabakitzen (aldaketak) ez baditu". Orain arte esandakoarekin aski da, ez du beste iruzkinik merezi.

      Kontua da "hausturaren unea" aldatzearen atzetik emandako PSOEren bilakaera taktiko estrategikoa (frankismoaren garapena errefusatzea, egoera demokratikoaren oinarrizko ezaugarriak....) bere gordintasun osoan agertuko du Gonzalezek uztailaren 17ko "El Socialistaren" aldizkarian, ekainaren 15ean Alderdi Sozialistak eskuratu zituen 6.039.840 bozkek bigarren indar politikoa bilakatu eta egun gutxira. Kakotx arteko titularrak honela zioen, "Haustura eman da". Eta testuinguru politikoa XXVII. biltzarrean zehaztu ziren haustura demokratikoaren edukinekin alderatuta ikusten dugu: hamarnaka preso politikok espetxean jarraitzen zuen, aparato frankista bere berean, indar errepresiboak bere berean, manifestazio eta adierazpen askatasuna oso maiz zanpatuta, autodeterminazioa ez zen epe konstituziogilearen oinarri, diktadura garaiko erantzunkizunak argitu gabe jarraitzen zuten eta langileen bizi baldintzetan ez zen hobekuntzarik eman (aldaketak bai, baina okerrera petroleoaren krisiaren ondorioz).

      Hortaz, ze motako haustura eman zen?. Felipe Gonzalezen adierazpenak PSOEren zuzendaritzaren estrategia politikoaren azalpen argia baino ez dira. Hausturaren unea aldatzearena ez zen denbora arazo hutsa, orain gordintasun osoz ikusten denez Alderdi Sozialistak uko egiten diola XXVII. biltzarrean erabakitako haustura demokratikoari bere osotasunean eta gainera, PSOEren erabaki gorenen arabera frankismoaren arrastoa eteteko oinarrizko baldintza demokratikoak betetzen ez dituen egituraketa politikoari zilegitasun osoa emango dio. Gonzalezek esango du "haustura eman da", baina horrek esan nahi duena da ordutik aurrera PSOEk sistemaren arauak onartu eta babestu egingo dituela, abiapuntua demokratikoa ez izan arren. Beraz, hautsi den gauza bakarra PSOEk "haustura demokratikoa" proposamen politikoan bildutako edukinekiko lehialtasuna da. Hots, frankismoa eta epe konstituziogilearen artean ez da eten demokratikorik emango, ez behintzat PSOEren XXVII. biltzarrak (zein aurreragoko biak) egituraketa konstituzional-demokratiko berria eraikitzen hasteko ezinbesteko jotzen zituzten baldintzen arabera.

      Gonzálezen adierazpenen ondotik bestelakoak ere entzungo dira sozialisten ahotan, baita Gozálezenean ere, hala nola haustura politikoa gauzatu dela ez dela, egoera politikoak gabezi demokratiko nabarmenak dituela, konstituzioak araudi demokratikoa ezarri behar duela etab etab, baina hala ta guztiz ere PSOEk ez du aldatuko estrategia konstituziogilea. Aurkakoa, aurreko erregimen faxistarekin haustura demokratikorik gabeko epe konstituziogilearen zutabe garrantzitsuenetako bat izango denez, alderdiaren norabide aldaketan inflexio puntu baten gisako esanahi berezia dute aipatu ditugunak, ez besterik. Atzeman, aurretik zein ondotik ere atzematen zirelako inboluzio prozesuaren zantzu nabarmenak. Eta nola ez, honen guztiaren testuinguruan pisu berezia dute alderdiaren barneko kolpeak, kide berrien uholdeak, kide berrien izaerak, prestakuntza zein kontzienzia politiko eskasak, PSOEren zuzendaritzaren (bereziki Gozálezen) proiekzio mediatiko jainkotuak eta aurreko atal batean aztertu ditugun gainontzekoak.

      Elementu hauen batuketak posible egin zuen zalaparta gehiegirik gabeko norabide aldaketa sakona, baina bereziki azpimarratzekoa da Gonzálezen figuraren proiekzioaren pisua. Aurreko urtetatik Gonzálezek metatuta zuen irudiaren gainean (nazioarteko komunikabideak, europako buruzagien sozialisten babesa, bidaiak hona eta hara...), 1977ko hauteskunde aurreko telebista agerpenak, hauteskunde kanpaina osoan bere irudiak izan zuen nagusitasunak (zenbait kasutan alderdia beraren gainetik, karteletan adibidez) eta edozein aitzaki tartean zela buruzagiari egindako goratzarreak erantsiz, PSOEko zuzendaritzak "totem" bat osatu zuten, burura dakizkigukeen sineskeri-lehialkeri personal guztiak barne. 1977ko ekainaren 12ko "El Socialista" aldizkarian PSOEren idazkari nagusiari Ignacio S. Padeirak egindako elkarrizketan agertzen den argazki oina esandakoaren adibide paradigmatikoa da: "Felipe González, -dio hitzez hitz- botere eskuindarraren pertsonalismoaren antitesiaren behar kolektiboa". Eta "behar kolektiboa" omen zenari zein haren hurbileko lagunek hitz epelen artean zuzendutako norabide politikoaren aldaketa sakona nola jarriko zuen ba auzitan alderdian sartu berri zen tropelak, era berean jakinda hauetako kide askori buruzagitzaren lana babesteko eman zitzaiela sarrera alderdian barne araudiak ezarritako bideak urratuz.


      5- "Estatu erantzunkizuna" gardentasun demokratikoaren gainetik. Konstituzioaren nazionalismo espainiarra.

      Aurkibidea Etxera